XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pinpernela printzesa gainerako haurrekin joan zen eskolara.

Horrek izugarrizko poza ematen zion.

Etxean, jauregian, dama bat bakarra zeukan, gaztea eta alaia, eta honek ez zion sekula esaten:

- Hori ez dago ondo!

Pinpik nahi bezain sarri eta ozenki kanta zezakeen Augustin kaketan bela, eta damak bigarren ahotsa egiten zion gainera.

Gaudeo izan zen Pinpiren adiskiderik onena.

Sarri etorri ohi zitzaion bisitan, eta patatak nola erretzen ziren eta lastoaz xirulak nola egiten ziren irakatsi zion.

Kometak haizetan askatzen zituzten eta arboletara igotzen ziren.

Batzutan etorri ohi ziren printzetxo eta kontetxoak eta baroitxoak bisitan.

Orduan hainbeste kontatzen zieten Gaudeok eta Pinpernelak kometak nola askatzen diren eta arboletara nola igotzen den, ze printzetxo eta kontetxoak irrikatzen jartzen bait zituzten.

Biekin joaten ziren segituan belartzara, eta patatak erre eta kometak askatzen zituzten... eta azkenik arboletara igo eta lastozko xirulak jotzen zituzten.

Izugarrizko zarata egiten zuten, eta pertsona heldu guztiek belarriak itxi behar izan zituzten.

Pinpiren dama gazteak bakarrik egiten zuen barre:

- Hauek txori alaiak arboletan!